PUTZU BERRIAK EMAN DUENA

Larunbatean Borja, Aitor eta Joseba goizeko 9etan lokalean elkartu gara. Lokaletik mosketoi pilatxo bat hartu, txapak, 60 metroko soka eta Jaturabeko sarrerarantz abiatu gara. 

Irteera honetara Aitor, berria, apuntatu da. Kobazuloan zehar oso ondo joan gara hirurok, aldiz, sokan, Aitorrek batetik pedal txikia daukalako eta bestetik praktika gutxi duelako nahiko denbora eman dugu putzuetan. Hala ere, poliki-poliki egin ditugu putzuak Aitorrek praktika hartu dezan.

15 metroko putzuaren instalazioan

60 metroko soka 40-45 metroko putzuan jarri dugu, aurrekoan 40 metroko soka ez baitzen beheraino iritsi. Josebak putzu berria instalatu du eta goitik gela handi batera iritsi garela ikusi du. Putzu honek 15 bat metro ditu eta gelaren erdialdera eraman gaitu. Gela honetara, ur asko dagoenean, alde askotatik ur-korronte txikiak datoz eta gelaren puntu baxuenean 6x3 metroko zabalera eta altuera txikiko potxingoa osatzen da. Gela hau elkargurutzatzen diren bi galeriek osatzen dute. 

15 metroko putzuaren oinarria

Gela honetan hartzaren atzamarkadak agertu dira. Nola iritsiko ziren ona? Hori bai ez dakigula. Atzamarkadak bi lekutan agertu dira, alde batetik arroka haundi batean eta bestetik lurrean. 

Hartzak lurrean egindako atzamarkadak

Hiru bat galeria txiki ere jarraitu ditugu baina estutzen joan dira eta azkenean ezin izan gara pasatu. Borjak, 5 metroko eskalada bat osatu du baina 8 bat metroko galeria txiki bat atera da. Gela eta putzu berri honetan 120 bat metro topografiatu ditugu. Goiko galerian, oraindik beste bi eskalada gehiago falta zaizkigu. Guztira, aurreko asteko galeria eta gela hau batuta 210 metroko topografia atera da. 

Galeria biak elkargurutzatzen diren puntua

Gela honek ez du gehiagorako eman eta motel bueltatuko ginela pentsatuz kanporantz atera gara. Hala ere, Aitorrek ikasitako guztia martxan jarri du eta buelta pentsatu duguna baino azkarragoa izan da. Hori da eta Aitor! Hurrengoan gehiago. 


Iruzkinak