ESKALADA BATEK GALERIA BERRIETARA ERAMAN GAITU (ELENA GALERIA - ARRIKRUTZ-GESALTZA SISTEMA)

Goizeko 9tan Laura, Borja eta Joseba lokalean elkartu gara. Helburua Dorado gelan (Elena galeria) dagoen eskalada bat egitea da. Eskalatzeko materiala prestatu eta Jaturaberantz abiatu gara. 

Zuzenean Elena galeriaren puntan dagoen putzura abiatu gara. Josebak putzua instalatzean soka ez dela iritsi konturatu da eta beste 40 metroko soka bati 5 metro moztu dizkio. 40 metroko putzu hau jaisteko 55 bat metroko soka behar dugu, hasierako eskubanda eta beste 2 zatikatzeetan nahiko metro joan baitira. Hurrengorako 60 metroko soka bat eramatea komeni da.


Eskaladara iritsi eta Borja igotzen den bitartean, Laurak argazki batzuk atera ditu. 7 plaketa jarri eta 10 bat metro igo ondoren, Borjak, gainaldean bi galeria daudela esan du. Bata, goranzkoa eta bestea horizontala. Gorantz joateko, beste eskalada bat prestatu behar da, eta Borja horizontaletik sartu da. 50 metro ikusi ondoren, itzuli eta soka finkoa jarri digu. 

Galeria berria aztertzean, 15 metroko altuera duen putzu bat aurkitu dugu. Haren ondoan beste zulo batzuk ikusi ditugu eta guztien malda leku bererantz doala somatu dugu.

Aldapa horien orientazioa eta kokapena ezagutzeko, galeria berriaren zati nagusia, putzuetaraino topografiatu dugu. Guztira 70 bat metro topografiatu ditugu.  Materiala bertan utzi dugu, beste egun batean itzuli behar baikara.

Galeria berri hauek buztin asko dute eta oso txarra da gero kentzeko. Itzuleran, 40 metroko putzuan arazoak izan ditugu pantinarekin eta blokeatzailearekin, sokan irristatzen baitira.


Galeria berriaren profila






Iruzkinak