NEURGAILUEN DATU-BILKETA ETA ARANTZAZU ERREKA 1 DESINSTALATZEA

Martin eta Joseba lokalean gelditu gara Arantzazu Erreka 1 desinstalatzeko eta erreka batzuetan jarrita dauden neurgailuen datuak jasotzeko. Lokalean Santi batu zaigu eta koba sarrerara lagunduko gaituela esan digu.

Aketaingo aparkalekura iritsi eta koba barrura joateko jazten hasi gara. Ia jantzita gaudela lehenengo putzua jaisteko materiala ahaztu zaigula gogoratu dugu. Honek jakinarazi digu eguna ez dela hain lasaia izango. Ondo hasi gara!

Egunari buelta eman eta neurgailuen datuak goizean hartzea erabaki dugu. Santi mendira joan beharrean gurekin dator. Lehenengo geldialdia Iritegin izan da. Bertan, zubi ondoan daukagun neurgailua hartzera goaz. Bertara iritsi eta errekan jarritakoa ez dagoela konturatzen gara. Lapurrak, ur-haundiak,… zein izango da desagerpenaren arrazoia!! Beste atmosferako presio neurgailua bertatik kendu eta aurrerago Sorgin Erreka inguruan utziko dugu. 

Sorgin errekako sentsorearen datuak tabletera deskargatzen

Hurrengora abiatzen gara, hau Sorgin Erreka aldean dago. Errekan kokatua dagoen neurgailurantz abiatu gara eta hau ere ez dago. Egun ederra gaurkoa! Hemengo plaketa hartu eta Sorgin errekako zubirantz atera gara. Hau bai! Bertan dago. Bere datuak aztertu eta aurrekoen desagerpenaren pistak eman dizkigu. Ematen du, orain dela hiru hilabeteko urak, oso euritsuak izan zirenak, aurreko bi neurgailuak eraman dituela.

Azkenekoa, Osin Urdin aldean dago, iritsi eta hau ere bertan dagoela ikusi dugu. Datuak aztertu eta gure aurreko ideia berretsi du, ur haundiek aurreko bi neurgailuak eraman dituzte.

Pena bat izan da, bi urteko datuak orain dela hiru hilabeteko euriteek lapurtu izana.

Arantzazu Erreka 1eko amabirjiña

Eguerdi aldera, Santi bere etxean utzi eta lokalera abiatu gara. Bertan, Arantzazu Erreka 1 jaisteko materiala hartu eta ondoren zerbait bazkaldu dugu. Berriro, Aketaingo aparkalekura bueltatu eta “Déjà vu” bat sortu zaigu. Hemen gaur izan gara ezta!!

Hor abiatu gara leizerantz. Martin, instalatzen doa eta Joseba atzetik argazki eta bideo batzuk atera nahian. Hasiera batean, ura lehenengo putzuetan ikusi eta gero beldurtu gara, baina beherago, ez dugu bustitzen gaituzten errekastorik ikusi eta orduan lasaitu gara. Bidean dauden 5 putzuak jaitsi ditugu; lehena 8 metrokoa, bigarrena 10 metrokoa, hirugarrena 4 metrokoa, laugarrena 4 metrokoa  eta azkenengoa 25 metrokoa .

Arantzazu Erreka 1eko putzuetako bat

-100 metroko altueran, neurgailuarn datuak batu ditugu, argazki batzuk atera eta goranzko bidea hasi dugu. Arantzazu Erreka 1eko alde berrira ematen duen pasabidea urez bete da. Udaran, berriro, beste aldera pasatzeko, lurra kendu beharko dugu .

Alde berrira pasatzeko igarobidea ur handiekin itxi egin da berriro.

Neurgailu honek aurrekoen informazio berdina eman digu, ur handiak orain dela 3-4 bat hilabete izan dira. Zorionez, lehenengoz, leize bateko bi urteko datuak lortu ditugu.

Zelako eguna! Materiala ahaztu, sentsoreak errekak eraman ditu, errekan erori gara, linterna 8 metroko putzuan erori zaigu… eskerrak, gu behintzat, ondo atera garen. 

Iruzkinak