Aitzgain 2 eta Aitzulo 4 kobak
Astean zehar ere irteerak egiten ditugu, horiek gure edadetuen menpe daude. Edadetuak bai baina indartsu ibiltzen dira koba barruan. Aste honetan, Aitzgain eta Aitzuloko bazterrak zeharkatu dituzte lan espeleologikoak eginez.
Aitzgaineko etxeraino todoterrenoan joan gara. Materiala hartu eta gero, Aitzgain 2 (RPC:58-0024) kobarantz abiatu gara, depositutik paseotxo bat. Koba sarrera jaisteko oso piku dagoen belar-malda bat jaitsi behar da. Egon ginen aurreko aldian seguru soka barik jaitsi ginela, baina gaurko esploradoreen adina eta trebezia kontutan izanda, soka bat instalatu dugu sarreraino jaisteko eta gero patxadaz igotzeko. Koba hau topografiatu eta fotografiatu dugu. Sarrerako zenbakia berriz pintatu dugu ere. Galeria bakarreko koba da. Koba sarrera gelatxo bat da eta ahuntzen gordelekua. Gero estugunea dago eta hortik aurrera galeria jarraitzen du zabalera berdintsuekin eta apenas desnibel barik. Bukaeran potolotxo bat dago, baliteke hartz potoloa izatea.
Lana bukatuta eta soka geneukala aprobetxatzeko, horren beharra duen koba batera joatea pentsatu dugu, hau ere topografia barik: Aitzulo 04 (RPC: 59:0004). Bi multi sartu ditugu sarreran hasierako saltotxoa jaisteko. Hemen ere argazkiak atera ditugu eta baita topografia egin ere. Gelako pareta baten azpian, derrubio konoaren albo batean, zulo bat beherantz jarraitzen du. Jabik eta Potik ahaleginak egin dituzte sartzeko, baina ez dute lortu pasatzea. Santik hauen zailtasunak ikusita saiatu ere ez da egin. Beste bat argalagoa eta gogo handiagoarekin bueltatu beharko da zulo horretatik behera joateko. Hala ere, ez du ematen jarraitzen duenik, ez dago haizerik. Konoaren beheko aldea izan daiteke, besterik ez.
Sarrerako zenbakia birpintatu eta gero, Aitzgaineko etxerako bidea hartu dugu, han bazkaria eta ardo zahatoa zain baikeneukan. Etxe ondoan majo bazkaldu eta gero, 4x4 ibilgailuan sartu eta lokalera etorri gara. Lokalean egin beharreko lanak egin ondoren eta egin gabe gelditu direnak gure artean banatu eta gero, kafea hartu dugu Boga tabernako terrazan.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina