ZUZENBIDE 2 LEIZEA
Hiru asteburu daramatzagu Zuzenbide 2 kobazuloa esploratuz eta topografiatuz. Menditik egurra ateratzeko eraiki duten pista baten ezpondan dago.
Irteeretan, BURNIA taldeko kideak (Jon, Zuriñe, Berto, Loti) eta AMET taldekoak (Lin eta Laurent) izan dira partaide.
Lehen asteburuan, lehen putzuen miaketa osatu dute. Sarrera txikitik sartu diren arren, bloke handi bat dago sarreraren gainean eta arriskutsua izan daiteke hemendik sartzea, beraz, hurrengorako bigarren sarreratik sartzea lortu behar da. Hiru putzuen instalazioa (P12, P7 eta P6) eginda utzi da.
Bigarren asteburuan, bigarren sarreran ihardun dute eta baita lortu ere. Orain sarrera azkarragoa eta eraginkorragoa da.
Asteburu horretako taldea bitan banatu da esplorazioa optimizatzeko.
Batetik, Lin eta Zuriñe sarreratik topografiarekin hasi dira eta bestetik, gainerakoak kobazuloaren puntara abiatu dira esplorazioarekin jarraitzeko asmoz.
Bertan, 10 metroko putzu berri bat jaitsi dute eta galeria handi batera iritsi dira. Galeria hau gurutze itxurako zonaldea da, hainbat norabide dituena:
- Goranzko galeria: Arrapala zabala du, baina tximinia batean amaitu da.
- 10 metroko putzua instalatua gelditu da. 10 metroko putzua jaitsi eta 40 metrotara busti behar da, jarraitzen du antza baina neoprenoa behar da.
- Beheranzko galeria: Bi adar ageri dira, guztira 100 metro inguru luzatzen da.
Beheranzko galeriak bi aukera ematen ditu:
- Meandro estu bat, zailtasunez jarraitu daitekeena.
- Bestea ur-laster batera doan sarbidea da. Pasabidea azkar estutu da. 2 metroko desobstrukzio bat egin behar da jarraitzeko.
Topografia galeria nagusiko gurutzeraino egin da
Bigarren asteburu honetan 240 metroko garapena eta -37 metroko desnibela duen topografia egin da.
Hirugarren asteburua, errekan eta buztin artean izan da. Irteera honek beste 266 metroko garapena eman ditu. Iharduera nagusiena topografia izan da eta horrek guztira 506 metroko garapena duen leizea eman du.
Oraindik, inkognitak gelditu dira.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina