KATABERAKO MEATEGIA II

Asteburu honetan Kataberako meategira bueltatu gara. Oraingoan lokalean Santi, Andoni, Lin, Martin, Aitor eta Joseba elkartu gara. Bi 4x4tan bideratu ondoren bakoitza leku batetik iritsi da Katabera aldera, batzuk Azkarreta aldetik eta beste batzuk Udana aldetik. 

Santi eta Andonik, eguerdiko 11:30tan meategiaren aurrean agurtu eta beraien lana egin dutela esan dute, gu lagundu eta mendiko haizea hartu, hori bai, mokadutxo bat eskaini digute aurretik. Ze ona!

Besteok, barrura sartu eta lehenengo helburua betetzera joan gara. Orain dela zazpi urte azkar ikusi genuen zonaldea berraztertzea nahi dugu. Nahiko zuzen iritsi eta gero 20 metroko putzua instalatu eta behera abiatzen nahiko kostatu zaigu. Meategian, pauso guztiak kontuz egin behar dira. Aitorrek, putzua garbitzeko harri bat bota du, abisatu eta behekoa ezkutatu arren harria nahiko gertu gelditu da, metro asko aldendu behar da putzutik. 

Goiko pisu batera joateko egurrezko eskailerak. Gaur egun ustelduak daude. 

7. pisuan gaude, hala ere, uste dut hau izango dela azkenekoa eta 8. eta azken pisura ezin izango gara iritsi. Galeriaren albo batera jotzen dugu eta bertan 4-5 putzu ikusten dira. Putzu hauek guztiak urez beteta daude, baina ez dira putzu txikiak ez, batek 10-15 metro edukiko ditu behera. Lehengo banastak, kriseiluak eta eskailerak ikusten ditugu. Galeria horrek labirinto batera eramaten gaitu eta azkenean, nahaspila horretatik jaitsi dugun putzuaren gainean agertzen gara berriro, baina soka ukitu gabe. 

Urez betetako putzuetako bat.

Jaitsitako putzuaren azpiko galeriaren bestaldera abiatzen gara. Galeria honetatik errekasto bat bideratzen da eta honek 140 metroko putzuaren erdira eramaten gaitu. Hala ere, lur-jausi batek ez gaitu putzura sartzen uzten eta meategi beheko abentura bertan bukatzen da.

Behean aurkitutako errekastoa.

Ondoren, bigarren helburua dator, horretarako bi talde egiten ditugu, batetik Lin eta Aitor Urzulora (Ubao) joan daitekeen pasabide bat begiratzera doaz. Sarreratik 120 metrotara dago eta aurreko blog argitalpenean komentatutako kolorazioa egin zen puntua izan daiteke. Bestetik, Martin eta Joseba, meategiaren beste alde bat begiratzera goaz, helburua zonalde naturalak bilatzea da.

Bi ordu beranduago, bi sala natural aurkitu ditugu, haundiena 60-70 metroko luzera eta 15 bat metroko zabalera duen lekua da. Bertara, laurok hurbiltzen gara gero eta galena eta beste mineral batzuen arrastoak aurkitzen ditugu.

Gaurko taldea.

Beste alde batetik, Urzulorako bidea ez dugu aurkitu, estuegia da pasabidea eta haizerik ez da nabari, hala ere, kolorazioaren puntua hau baldin bada, beste egun batean bueltatuko gara…

Aitorren bigarren irteera izan da AMET taldearekin, espero dugu gehiagotan etortzea eta taldean gelditzea. 








Iruzkinak