OKILITURRIKO ZULO TXIKIAK NAHASTEN

Azken hilabete hauetan, uztailetik, zulo honekin trabatuta ibili gara AMET eta BURNIA taldeko lagunak. Bilaketa-lanak egiten ari ziren bitartean, Iñakik eta Santik txiripaz aurkitu zuten zulo hau. Izan ere, oso zulo txikia zen hasieran, baina barrutik, irteten den haizea nabarmena da, etengabe eta oso hotza. 


Hurrengo lanak sarrerako datuak hartzea izan ziren, kobazuloa katalogatu ahal izateko, baita zenbakia ere pintatu genuen. 

Beste egun batean, sarrera zabaltzera joan ginen. Hartarako aitzurrak, zizela, maza eta taladroa erabili genituen eta azkenean barrura sartzea lortu genuen. Barruan geneukan lana ez zen makala ere. Galeria oso baxua da eta lehen saltoa pasatu aurretik trabak kendu behar izan genituen. Ireki ondoren haizeak jarraitzen du. Lehenengo paso estua ireki behar izan genuen ere, oso txarra zen. 


Beste asteburu batean, bigarren zuloa aurkitu genuen, hau bestea baino haunditxoagoa eta kotan beherago. 

Beste hiru asteburu behar izan ditugu Okiliturriko zulo honetatik 193 metroko garapena eta -27 metroko desnibela duen haitzuloa goitik behera topografiatzeko. 


Kobazulo honen galeriak estuak dira eta lan gogorra izan da bertatik ibiltzea. Sarreraren ostean 3 metroko garapena eta lehen putzua dator. Putzu hau 3 metrokoa da eta oso gertu beste bat, 5 metrokoa. Galeriak gorantz zein beherantz jarraitzen du, baina albo batean itxi egiten da. Bestetik jarraituz, meandro estu bat dago. Meandroaren erdian, gela batera daraman 4 metroko putzu bat dago. Gela honen alde batean, derrubio kono txiki bat agertzen da. Horren amaieran, sabaian, beste meandro estu batek jarraitzen du, eta Okiliturriko beste sarreran amaitzen da. Hemendik aurrera, kobaren morfologia aldatzen da. Puntu honetan kareharri arrezifalen eta margotsuen kontaktoa dator. Morfologia honen galeriak horizontalak dira, bitartean morfologiak txandakatzen dira. Kareharri margotsuak oinarrian eta kareharri harrezifalak galeriaren sabaian. Galeriaren iparmendebaldetik u-korronte txiki bat dator beherantza eta bukaeran, eta galeria bukatzen den tokian ur-putzu txiki bat sortzen da. Amaieran galeria horizontala da eta sedimentuz betetzen da. Paretako estratoak beltzak eta hauskorrak dira, berez marga-geruza baten gainean sortu bait dira. 




Iruzkinak