KRISTALEZKO BOTILEZ BETETAKO HAITZULO BATEN GARBIKETA

Leize hau esploratuta zegoen eta baita krokis txukun bat eginda ere, baina ez zegoen topografiarik. Topografia egiteko asmotan joan ginen zulora. Sarrerako erripa estua ezin genuen jaitsi galeria ehundaka botilekin estalita zegoelako. Taldean komentatu eta garbitzea pentsatu genuen eta horretara gerturatu gara asteburu honetan.

Haitzulo hau Aizkorriko Parke Naturalaren mendebaldean kokatuta dago. Bere ahoak 0,5 metroko diametroa dauka. Sarreratik sartu eta berehala 4 metroko desnibela duen arrapala batek 3x2 metroko leku batera eraman gaitu. Arrapala eta 3x2 metroko leku hori kristalezko ehundaka botilez beteta dago eta hori garbitzen ibili gara asteburu honetan. Haitzuloak 11 metroko putzu bat eta galeria estu batzuk ditu ondoren.

Haitzulotik 700-800 kg zabor atera dugu, baina, nola karroa txikia zen eta zaborra asko, mendian, haitzulotik kanpo utzi behar izan ditugu zaborrez betetako beste hainbeste zaku. Hurrengo astean bueltatuko gara hauek jaistera.   

Ateratako zabor gehiena kristalezko botilak izan dira baina, baita ere, plastikozko poteak eta motorren olio poteak atera ditugu. Azken hauek dira mendiari kalte gehien egiten dioten zaborra. 

Garbiketan, taldeko pertsona haundi eta txikiek hartu dute parte. Guztira 10 bat pertsona ibili gara. Hori bai, garbiketa gogor bat eta gero janaldi on bat egon da. 


Iruzkinak