ARANTZAZU ERREKA 1 LEIZEKO AZKEN SARTU-IRTENAK

Arantzazu Erreka 1 leizea, oraingoz, lehorte garaian egin dezakegun leize bat da. Alde zaharretik alde berrira igarotzeko pasabidea urez estaltzen da eurite garaian. Pasabide honetara, galeria zaharretik doan errekasto txiki bat iristen da eta sifoi bat sortzen du, ondorioz, gure igarobidea estaliz. Igarobide hau, urtero irtekitzen dugu, hainbat metro lur ateraz, baina 3-4 eguneko lana izan ohi da. 

Alde berriko errekak uzten dituen erreka-harriak

Ondorioz, asteburu honetan eduki dugun helburuetako bat beste pasabide bat bilatzea izan da. Eta hortara taldeko 4 kide abiatu gara. Goizean goiz materiala prestatu eta Aketaineko aparkalekuan kotxea aparkatu dugu. Beste ordu batean, leizearen -100 metro puntura iritsi gara. Bertan, laukotea banatu dugu, hau da, Borja eta Joseba pasabidea igaro eta alde berrira abiatu dira eta Lin eta Laura, berriz,  alde zaharrean gelditu dira. Talde bakoitzak bere walkie-talkie dauka eta irrati-transmisore honen bidez begiratu dugu ea beste bideren bat dagoen pasabide txarra saihesteko. Baita, txilibitu eta arroka mailukarekin kolpatuz frogatu dugu, baina, gure atsekaberako ez gara inundik ere elkartu. Momentu txiki (5 segundu) batean bakarrik walki-talkiekin entzun gara, baina ezer ez gehiago. 

Alde berriko bukaeran aurkitutako sifoia

Laura eta Lin, zeuden lekuan gelditu dira eta mailuarekin eta zintzelarekin lagunduz katazulo baten lanean izan dira. Hala ere, ez dute beste pasabiderik aurkitu.

Borja eta Joseba, konexiorik ez zegoela ikusita, alde berrian dauden inkogniten bila joan gara. Laurentek pasatako inkognita zerrenda begiratu eta 5. inkognitara joan gara zuzenean. Berez eskalada gehienak oso motzak dira, hori esaten zigun Laurentek bai, baina lehenengoarekin ez da hala izan .

5. inkognita honen hasiera kolada batean irekitzen da, gutxi gora behera, 10 metroko aldapa gogorra duen kolada batean. Hemen, hurrengoan laguntzeko soka bat jarri beharko da, nahiko labainkor dago eta. Goreneko puntuan, Borja eskalatzen hasi da baina berehala konturatu da koladak buztin asko duela eta ainguraketa pilatxo bat jarri behar dituela. Borja, gora justu justu iritsi da, ez bere indarragatik, baizik eta 14 metroko soka txiki bat daukagulako (hemen Laurentekin gogoratu gara). Goikaldean, eskaladak beste 7-8 bat metro jarraitzen duela konturatu gara eta horrek beste egun batean bueltatu behar garela eskatzen du. Beraz soka progresio moduan instalatu, soberan dauden ainguraketak kendu eta Laura eta Linekin elkartzera abiatu gara.

Lehenengo ainguraketa instalatzen.

Pasabide estu eta txar hori igaro ondoren, Laura eta Linekin elkartu eta guztiok batera bazkaldu dugu (patata tortilla, urdaiazpikoa, txokolatea eta kafe beroa). Tripa beteta poliki-poliki gorantza joan gara eta arratsaldeko 18:00tan kobatik irten gara. 

Azkeneko eguzki-izpiekin bueltatu gara kotxera


Iruzkinak