Eskalada batek galeria txiki batera eraman gaitu

Alarma-egoeratik irten eta gero, berriro, Arrikrutz-Jaturabe haitzulora bueltatu gara. Aurreko batean, erdizka utzi genuen eskaladara joan gara. Goraino igotzeko beste 4-5 metro falta dira, eskalada osatu eta soka finkoa jarri dugu. Ondoren, eskuineko aldean ikusten diren zulotxo batzuk ikustera abiatu gara.

Eskaladaren erdian dagoen zulotik sartu gara eta galeria berri bat atera da. Galeria honek 65 metroko luzera du eta bertan espeleotema gorrixka polit batzuk agertu dira.

Azkenean, eskaladak 30 metroko distantzia izan du eta goian, bakarrik, erdiko galeriarekin lotzen den zulo bat aurkitu dugu. Erdiko galeria berri hau, gutxi gora behera, behetik 20 metrora dago. 

Eskaladan zehar agertutako zulo horiek estratifikazio geruza inklinatu batean osatuta daude, eta estratu horretako diaklasa batean galeria berria sortu da.

Eskalada hasi garen salatik Elena galeriaraino beste 30 bat metro daude eta sala honetan beste katazulo bat utzi dugu. Katazulo hau aurreko aldian esploratu zen, baina orain badakigu gorantz doan galeria, galeria berriarekin konektatzen dela. Galeria berritik ikusi dugu aurrekoan pasa ezin izan genuen lekua. Aldiz, katazulotik behera hurrengo batean instalatuko dugu. Katazulo honek behean dagoen sala nagusiko paretako leiho batera eramaten gaitu, baina soka behar duen tramo bat pasatu behar da.

Azkenean, eskalada bat osatu eta 125 metro topografiatu ditugu. Igandea denez, 18:00ak aldera irten gara.

Iruzkinak