LIZARTZA SISTEMAN -425 METROTAN KANPAMENTUA JARRI DUGU

Apirilaren 23tik 25era arte, Lizartza 1 leizean, kanpamentu bat egitea erabaki dugu. Hau da, jadanik behera joatea eta egun berean igotzea ez da batere erosoa eta ondorioz kanpamentuaren ideiara jo dugu. Egun hauetan bibaka edo kanpamentua jartzea gure helburuetako bat da. Beste helburua sifoi bat alde batetik zeharkatzea.

Hiru pertsonen artean kanpamentu eta janari guztia eraman beharra daukagu, beraz bakoitzak bi petaterekin igaro beharko ditugu Lizartzako estugune eta putzuak. Eguerdiko 16:00ak aldera sartu gara Atxuriko meatzetik barrura, bidean temperatura sentsore gehiago jarriko ditugu.

Kanpamentu edo bibak lekura gaueko 20:00ak aldera heldu gara. Bidean gure ordulari bakarra apurtu zaigu eta eskerrak argazki kamarak beste bat duen, bestela atzeraka egin beharko genuke. Beraino iritsi eta bibaka jartzeko lekua bilatzeari ekion diogu. Hare edo lurrezko (buztinezko) leku bakarrak aldapa ederra dauka baina alde batean harrizko horma bat eraikiz eta buztinaz betez lur laua duen 2 m x 1,60 mko plataforma sortu dugu. Azpiko kapa manta termikoez jarri dugu, gainetik esterila normalak, beste batzuk haizezko esterilak ere eta azkenik zakua jarri dugu.

Bibaka -400 metrotara Lizartzan
Bigarren egunean, gure beste helburuetako bat lortzera abiatu gara. Aurreko batean, galeria baten puntan sifoi batekin topo egin genuen eta hori igarotzeko ideiarekin goaz. Sifoia, pasamanos edo eskubanda batekin zeharkatu dugu eta beste aldean sala haundi batekin topo egin dugu. Sala haundi horretara, hiru erreka iritsiko dira (bi haundi eta beste txiki bat). Erreka horiek sifoian elkartu eta aurreko irteera batean ikusi genuen zonaldera iritsiko direla somatu dugu. Beraz, berriro zonalde horretara jo beharko.

Aurkitutako errekan eskalada bat egiten
Beste erreka nagusia esploratzera abiatu gara, betiko erreka nagusia baino emari gehiago duen erreka bat da. Bidean putzu batzuk gainditu ditugu, eskalada edo eskubanda baten bidez eta 100 bat metro geroago 15 metroko ur-jauzi batekin topo egin dugu. Benetan eskalada potentea egin beharko duguna. Hala ere, konturatu gara galeria aktibo horren gainetik beste fosil bat dugula eta hurrengoan hortik frogatzea izango da gure helburua. Ur-jausi horri argazkiak atera eta bibakera erreka topografiatzen bueltatu gara.

15 metroko ur-jauzia
Hirugarren eguna, buelta eguna, goizeko 09:30tan hasten gara igotzen. Lehenengo putzua igotzerakoan ura topera doala konturatzen gara. A ze dutxa hartu dugun, lehenengoan kantzontziloak bustita eta oraindik beste 6-7 dutxa dauzkagu bidean. Zer egingo diogu ba! Aurrera! jota bustita, eta kotxera 15:00ak aldera iristen gara. Eskerrak kanpoan euririk ez dala, ah! eta eguzkiaren beroak agurtzen gaituela.

Oñatiko txinoan bazkaldu eta materiala garbitzera. Deskantsatzeko ordua...
Hiru partehartzaileak kanpamentuan




Iruzkinak

Argitaratu iruzkina