Historia

GERRAURREA

Lehenengo koba esplorazioak aztarna arkeologiko edo paleontologikoen bila egin ziren: Aizkirriko koba (1871), Aketegi, Orkatzategi,...

Unión Cerrajera enpresak, bere ur ornidurarako lanetan, Ubaoko iturburua esploratu eta topografiatu zuen (1917). Jaturabeko presaren lanak zirela eta, langile batzuk, bertako iturburutik urzuloraino joan ei ziren, Arrikrutzeko koba zeharkatuz.


GERRAOSTEA-1968

Arantzazu eta Oltza inguruko kobak esploratu zituzten. 1950-ean, sokazko eskalekin, Gesaltzako lizunako esplorazioari ekin zioten. Hurrengo urtean metalezko eskalak erabiltzen hasi ziren. Aurrerapen tekniko honeri esker, oñatiorrok espeleologiaren punta-puntako mailan ibili ziren.

Garai honetan esplorazio mitikoak egin zituzten: Gesaltza-Arrikrutz-Txintxin koba sistema, Ormazarreta, Torca del Carlista (1958), Etxaleku leizia, San Martin Harria (1960-1962).


1968-1978

Aloña Mendi Espeleologia Taldea 1968-ko urrian sortu zen.

Hamarkada hau oparoa izan zen taldearentzat. Kolorazioen bidez arro hidrogeologikoak zehaztu zituzten. Arro horietako koba eta leize nabarmenenak garai honetan esploratu zituzten. Besteak beste, Zubiondoko leizea, Gaztelu 3, Ubao, Gomistegi, Kataberakoak, Urdabide 1, Gesaltza-Arrikrutz-Txintxin koba sistema, Gaztelu 1,...

Taldearen lan eremutik kanpoko iharduna ere ez zen makala izan. Garai hartako goi mailari eutsi eta esplorazio garrantzitsuetan parte hartu zuten. Hala nola, Ojo Guareña, Jornos II eta Larra.

1977-an, lehenengo aldiz, eskalak alde batera utzi eta blokeagailu eta sokez baliatuz, Gaztelu 1-eko sifoiraino jeitsi ziren (-502m).


1978-2000


Garai honetako lan nagusia koba artxiboa antolatzea eta berrikustea izan zen, azkenengo urteetan baliabide informatikoen bitartez.

Taldeak Gipuzkoako Bilduma Espeleologikorako egindako ekarpena itzela izan zen. Bataz beste, urtero 50 koba inguru, datu guztiekin, sartzen zituen Bilduman.

Berrikuste sistematiko honen ondorioz, lehendik esploratuta zeuden kobetan ere, aurkikuntzak egon ziren. Esaterako, Gaztelu 1-ean azkenengo sifoia (-520m); Gesaltza eta Arrikrutzen arteko lotugunea, galeria eta sarrera berriak; galeria berriak Ubaon; beste hainbeste Gomistegin; Kataberako ikerketa sistematikoa,...

Koba berri eta garrantzitsuak agertu ziren: Gestategi 17 edo Mandobide 1 kasu.

Ez hori bakarrik, aurkikuntza arkeologiko, paleontologiko eta etnografikoak (Gaiztozulo) egon ziren ere.

Urte tarte honen bukaeran, AMET-ek Arrikrutzeko proiektu turistikoa dela eta, zenbait txosten eta ikerketa egin behar izan zituen.

Bere lan eremutik kanpo ere ibili zen taldea. Hala nola: Caballos Valle koban sorospen lanetan, Larran, Ezkaurren, Torca del Carlistan eta baita itsasoz beste aldean ere, Venezuelan eta kuban.

Iruzkinak