31 JARDUNALDIAK ONDOREN INTERKLUBA LIZARTZARA BUELTATU DA

31. Euskal Espeleologia Jardunaldietan Lizartza Sistemako (Oñati-Aloña Mendi Espeleologia Taldea) hainbat eremu esploratu ziren. Horien artean aipagarria da -475 metroko sakonera duen eta esploratzeko espeleobuzeo teknikak behar dituen amaierako sifoi bat lokalizatu izana, bai eta Errekan gora galeria berrikusi gabe gelditu izana ere, bertatik baitator sistemako ibai emaritsuenetako bat. Halaber, galerian gora dagoen eremu batean lan egin zen, non muxar bat agertu zen eta galeria nagusirantz jotzen zuen.

Azken asteburu honetan, Lizartzako Interkluba, Ikerrek (GEMA), Mitxelek (Burumendi), Galderrek (ADES) eta Beñatek (Takomano) osatutako lantaldea Lizartza sistemara itzuli da hiru helbururekin: amaierako sifoiaren inguruetan pasabide lehor bat bilatzea, Errekan gora galeriaren esplorazioan aurrera egitea eta Muxarraren eremua aztertzea.


Errekan gora galeriari dagokionez, jarraipen luze bat aurkitu dute ibaian gora. Argi bereizitako bi tartez osatutako igarobidea da: eroso ibiltzeko moduko bat, eta 4-6 metro arteko sokak behar dituzten irtengune txikiak dituen beste bat. Plantan, ia 500 metroko aurrerapena dakar ekialderantz eta 150 metro ingurukoa hegoalderantz; guztira 730 metroko garapena eta 110 metroko desnibela osatuz. Esplorazioa bertan behera utzi dute momentuz, eskalada erraz baten atarian.

Sifoiaren eremuari dagokionez, lanak jardunaldietan aurkitutako amaierako sifoiaren aurretik dagoen ur-pasabide batean zentratu dira. Nahiz eta lehorte garaian egon, pasabideak ura du eta emari txiki bat sartzen zaio; horren ondorioz, ezin izan dira igaro jantzi lehorrik ez dutelako. Ur-fluxu hori amaierako sifoirantz doanez, ia ziurra da azken hau ere urez beteta egotea.


Azkenik, Muxarraren eremuan, soken instalazioa eginda utzi dute hurrengo irteerarako, denbora eta material gehiago behar baitira. Gainera, galeria nagusitik eta katazulo baten bidez, 50 eta 100 metro artean egin ondoren, taldeak lotura zuzena lortu du joan den jardunaldietan topatutako Muxarraren eskaladara doan galerietako batekin.



Iruzkinak

IKUSIENAK