LIZARTZA 1 SISTEMAKO BIBAK ETA INSTALAZIOAREN AZTERKETA

Abenduaren 13an, Euskal Espeleologoen Elkargoko (UEV-EEE) 3 kide Lizartza 1 sisteman sartu dira, bibakaren eta instalazioaren egoerari buruzko ikustaldi-azterketa bat egiteko. Lizartza 1 sistema, gaur egun, Aloña Mendi Espeleologia Taldeak (AMET) esplorazioan duen leizea da. Guztira, -465 metroko desnibela eta 4,15 km luzera ditu. 

Taldearteko irteera honetan parte hartu duten kideak Josu (Burumendi), Iker (GEMA) eta Txino (Satorrak) izan dira. Irteera hau, AMETentzako ikustaldi bat egiteaz gain, datorren urtean egin daitekeen jardunaldi bat kontutan hartuta ere antolatu da. 

Josu eta Txino Kortakogain bibakean

Atxuri meategiko sarreratik 10:30ak aldera sartu dira eta, instalazioa aztertu ondoren,  4,5 ordu geroago iritsi dira bibakera. Bertan, Kortakogain izeneko bibaka erabat ur-azpian egon dela egiaztatu dute. Bibakera iristean, hau ur azpian denbora batez egon dela ohartu dira, izan ere, barruan zituen material guztiak, esterillak, pote estankoak, mahai-tresnak, kazolak eta bestelakoak, putzu batzuk beherago agertu dira. Bibaka bera, paretan lotuta zegoenez, ez da mugitu, baina zakuak bustita zeuden. Kontuan hartu behar da, sifoia -465 metrotan dagoela eta bibaka -416 metrotan; beraz, posible izan da 50 metroko galeria ur azpian egon izana. 

Bibaka urez gainezka egon eta gero

Material guztia jasota, AMETeko kideak azken irteeran esploratutako gunerantz jaitsi dira, itxaropen galeria izenez ezagutzen den aldera. Bertan, 90 metro inguru aurrera egin ondoren, jantzi lehorra erabiliz putzu bat zeharkatu dute eta beste aldera pasa dira. Beste aldean, galeriak aurrera jarraitzen du, baina material gehiago ez dutenez bost metroko putzu batean gelditu dira. Era berean, ohartu dira galeriak azken sifoiaren norabide bera hartzen duela, halaber, leizeak jarraitzen duela. Itzulera-bidean, 90 metro horien topografia osatzen joan dira. 

Sokak eta mosketoiak urez gainezka egon eta gero. Mosketoiak korrosio galbaniko gogorra pasatu dute.

Bibaka dagoen tokian bazkaldu ondoren, gorantz abiatu dira eta, gutxi gorabehera, 1:30ak aldera irten dira kanpora, itzulera-bideak 3,5 ordu iraun ditu. 

Taldearteko irteerak lan bikaina egin du. Zorionak! 


Iruzkinak