ASTEAN ZEHAR ERE HAITZULO BILA
Bakoitzak ahal duenean egiten du espeleologia eta gure jubilatu pareak, askotan, astean zehar ibiltzen dira haitzuloak bilatzen. Bi hauek kobazulorik aurkitzen ez badute guk ezin ditugu esploratu. Hori bai, errazak badira buruz sartzen dira.
Aste honetan, id97 eta id426 leizeen bila abiatu dira. Bidean beste egun baten ikusitako zulo bat jaitsi dute (4m), baina ez zuen jarraitzen, X pintatu dugu (haitzulo txikia eta ez dugu katalogatzen, X jartzen da hurrengoak jakin dezan).
Id97 ondo dakite non dagoen. Leize honek hiru sarrera ditu eta horrelako bat aurkitu dute. Hala ere, lehenengo saltoa nahi dute jaitsi eta spiten bat dagoen bilatzen ibili dira, baita aurkitu ere.
Honen ondoan beste leize bat omen dago, id426. Leize honek ez dauka daturik katalogoan, bakarrik bere sakonera (37m) eta bere luzera (31m). Inguru honetara hurbildu direnean, aurrekoan aurkitu zuten leize baten ondoan agertu dira. Hau id426 dela pentsatu dute. Inguruan ibili dira ea zenbakia ikusten duten, baina ezer ez. Bi multi sartu dituzte saltora hurbiltzeko ea spiten bat ikusten duten, baina arrastorik ez. Gogo handirik gabe beherantza hasi dira. Sarrerako bi multien ondoren beste bat sartu dute saltoaren hasieran bertan. Salto honek 25m inguru izango du. Saltoaren erdian beste multi bat sartu dute soka paretatik aldentzeko. Horraino kanpoko argia iristen da, izan ere, sarrera arraildura handi bat da eta hauek lekurik bertikalenetik jaitsi dira. Behean hosto pila bat ikusten dira. Goitik ematen du hor bukatzen dela leizea. Era horretako “galtzerdi” sakonak oso ohikoak dira inguru honetan. Hostoetara iritsi eta leizeak jarraitzen duela ikusi dute, bertikaltasun apur bat galduta, baina oraindik soka erabili beharra dute. Hortik jarraitzeko ezin da goiko soka zatia erabili pareta ikutzen duelako, beste multi bat sartu dute. Azken soka aldaketa honen ondoren sokaren bukaeraraino iritsi dira, 35mko soka. Ezin dira gehiago jaitsi. Hortik aurrera beste 4-5mko saltoa dago eta, gero, galeria zabaldu egiten da, gela zabala eta horizontala ikusten da. Zoruan aker baten eskeleto osoa ikusi dute, GPS lepokoa ere. Gelaren bukaeran gelariak jarraitzen du behera aldera, baina ez da gehiago ikusten. Jaitsi ez duten salto horretan begiratu dute ea spiten bat edo egongo den, baina hemen ere, arrastorik ez. Horregatik, ez dakite leize hau berria den edo ditxosozko id426 den. Leize osoa desekipatu dute. Hurrengoan, spitinoxak eramango dituzte eta horrela egiten dutena hurrengoentzako lagungarria izango da. Leize honetara itzuli egin behar da, beraino jaitsi, GPS lepokoa atera eta topografia egin.
Id97 beste baterako utzi dute. Kotxe ondoan bapo bazkaldu ondoren, Oñati aldera abiatu dira.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina