ARANTZAZU ERREKA 1 LEIZEAREN PUNTAKO SIFOIA IGERI EGITEN
Larunbat honetan Ion (Burnia taldea), Loti (Burnia taldea), Laurent, Borja eta Joseba Arantzazu erreka 1era bueltatu gara bukaerako sifoia aztertzera.
Neoprenoarekin hasieratik jantzita, leizetik behera abiatu gara. Pasabidea, aurreko irteera batean, libre utzi genuen, bertako lur asko kenduz. Pasabidearen puntu baxuenean dagoen zulo batean hankak sartu eta gorputzari bira emateko lekua lortu genuen, oraingoan ondo funtzionatu du eta bira horrek aldapan aurrerantz joateko posibilitatea eman digu.
Pasabidean, oraingoan, haizeak barrurantz jotzen du.
Bostok, pasabidea ondo zeharkatu eta galeria handietan murgildu gara. Gure petateetan, espeleo-urpekariak behar duen guztia eramaten dugu; aire konprimitu botila bi, maskara, hegatsak, lasta gerrikoa, erreguladorea… Espeleo-urpekari batentzat hiru petate eramatea behar izan dugu.
Gure espeleo-urpekaria, Laurent, leizearen puntan sartu eta 30 metro (5 metro sakonera) urpean igeri egin eta burbuila batekin topo egin du, berriro sartu eta beste 30 metro egin ditu, beste burbuila bat aurkituz. Bigarren burbuila norabide nagusian itxita dagoenez berriro urpean sartu eta 10 metroko sakonerara abiatu da. Emaitzarik gabe eta bueltan datorrela, hasierako zatian begiratu eta berehala agertu da jarraipena, pasabidea gelaren hasieran dago. 50 bat metro igeri egin eta galeria freatiko handia eta zabala aurkitu du (5-7metroko diametroa). Erreka berriro entzuten du eta materiala guztia kendu eta gero galeria zabaletan barrera barneratu da, gutxi gora beste 300 bat metro aurreratu ditu.
Laurent, sartu-irten txiki bat egin ondoren, besteok gauden gelara bueltatu eta ikusi dituen galeriaren deskribapenak eman dizkigu.
Behin guztiok gaudela, itzuleran, Ion 25 metroko eskalada batean sartu da. Eskalada hau arrapala batean kokatzen da, baina goialdean, soka gabe gelditu da eta katazulo batean utzi du jarraipena. Loti beste eskalada batean sartu da, baina soka baten beharrak hurrengo egunerako uzteak eragin dio.
Zorte ona izan dugu gaur, leize honetako esplorazioa berriro abian da. Hurrengo larunbatean beste saiakera bat egin beharko dugu. Kasu honetan 6 lagunen beharra izango dugu: 2 urpekari eta beste 4 laguntzaile.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina