LIZARTZA 1: INKOGNITAK ETA ENTRENAMENDUA

 Asteburu honetan, Borja, Martin eta Joseba Lizartza 1ean egon gara. Helburua Zaparrada pasabidera joan eta bertan inkognitak begiratzea izan da, baina, ezkutuko helburua, aldiz, gure buruak Lizartzarako nola dauden probatu eta Larrako kanpainarako entrenatzea izan da.

Espeleotemaz jositako galeria

Ordu bat eta gutxi tardatu dugu koba sarreratik bertara iristen. Iritsi ondoren, inkognita begiratu eta bi metroko salto batetik igo gara. Salto hau pasa ondoren, sabai altuko sala handi bat aurkitu dugu, Lizartzarako handia den sala bat (20x5x20 metro).  Bertan, Lizartzako erreka nagusiaren norantzan, 5 metro inguruko eskalada bat dago. Beste aldera, ordea, ibaiadar batek sortutako 17 metro altuera inguruko meandroa dago. Errazago eta interesgarriago egin zaigu ibaiadar hau ezagutzea eta topografiatzea eta bertatik jo dugu.

4-5 metroko putzua

Meandroan gora eta behera ibili gara 50 metro luzeera, ea bideak nondik eramaten gaituen aztertuz. Horretarako hainbat instalazio prestatu ditugu. Hasiera batean behetik saiatu gara, baina meandroa espeleotemaz jositako galeria eder batean bukatu da. Ondoren goitik bideratu gara eta salto eta pasamanos bat instalatu ondoren, 7-8 metroko zeharkako eskalada batek meandroaren parte altuenean utzi gaitu. Goiko zonalde honetatik, meandroa berriro beherantz jarraituz,  espeleotemaz jositako galeria eder horretara jaitsi gaitu. Goiko aldetik, eskubanda instalatuz, pentsatzen dugu jarraipena egongo dela, baina buelta emateko ordua iritsi zaigu eta oraingoz prioritate handia ez duen inkognita denez eta material asko jango digunez kanporantza egin dugu. Guztira 105 metroko galeria topografiatu dugu.

Hasierako salara itzuli, zerbait jan eta kanpora, 2 ordutan, atera gara.

Arratsaldeko 8etarako kotxera iritsi gara, lokalean materiala garbitu ondoren Trianako jaietan tragotxo batzuk hartu ditugu. 


Irteera honetako espeleologo taldea

Iruzkinak