ATXULO INGURUKO KOBA TXIKIAK

Asteburu honetan, aurreko astean Atxulo aldetik  ikusitako kobatxoak katalogatzera joan gara eta Atxulo ondoan dagoen beste bat hunditzera.

Araotzeko errepidea bi haitzen artean pasatzen den lekua baino apur bat gorago aparkatu dugu 4x4a. Materiala hartu eta katalogatu behar ditugun bi koba aldera abiatu gara. Bi haitzen arteko pasoaren ondorengo bihurgunean, errepidetik irten eta mendian behera joan gara. Segidan aurkitu ditugu aurreko astean errekaren beste aldetik ikusitako kobatxoak. Biak katalogatu ditugu. Beraien izena ez dakigunez, Oñatiko mapa toponimikoan gertuen agertzen den leku izena jarri diegu: Trintxeraundia 01 eta 02. 


Trintxeraundia 01

Trintxeraundia 02

Jarraian aurreko asteburuan Lotik eta Laurentek ikusitako koba txiki bat katalogatzera joan gara. Araotzeko Zubia auzunera abiatu gara. Otalora Txikia baserria baino gorago aparkatu dugu todoterrenoa,  bertakoei trabarik ez egiteko, Aitzulora joaten den jende pilarekin nahiko lan dute eta. 

Abendurako ez den eguraldi eguzkitsuarekin koba aldera joan gara. Material guztia eta jana hartu dugu, koba ikusteaz aparte inguruak errebisatzeko asmoa daukagulako.  

Ez zaigu asko kostatu koba aurkitzea. Koba hau baino apur bat beherago Atxarondo 01 dago. Koba berrirako toponimo bera erabili dugu,  Atxarondo 02 deitu diogu. 

Atxorondo 02ko lanekin hasi gara. Kobako sarreratik bi metro barrura  estugune bat dago. Lurrean dagoen sedimentua jan dugu pikatxoi txiki batekin eta Laurak aurrera egin ahal izan du. Estugune horretatik beste 10 metro edo egin du aurrera. Hasierako estugunea gehiago zabaldu eta Santi eta Joseba sartu dira. Bukaeran sabaia eta lurraren arteko tartea estuegia da jarraitzeko, baina horren ondoren ematen du galeria zabaltzen dela. Hurrengo saiakeran tartea hori handitu behar dugu. Ez da zaila izango lurreko sedimentua, buztina, erraz kentzen baita. Gainera, kendutako lokatza galeriaren alboetara bota daiteke. Topografia ere hurrengo irteerarako utzi dugu eta kanpora irten gara, Andoni eta Lairekin bazkaltzera.

Laura pasabidea haunditzen

Jarraitzeko igaro behar den pasabidea

Iruzkinak