ERROITEGI 11 eta beste zulotxo batzuk

Asteburu honetan, Loti (BURNIA Taldekoa), Santi eta Laurent Erroitegi 11 kobazuloaren bukaerako buxadura kentzen egon dira. Sarrera zerbait gehiago zabaldu dute eta puntan ikusitako pasabidea ireki baita ere, baina haizea zulo horretatik ez doala konturatu dira. Haizeak gorantz egiten du baina ez dago aukerarik, zirrikitu estu bat da. Haitzuloak, bukaeran, haustura estu batetik jarraitzen du, baina ezin da aurrera egin beste zirrikitu estu bat da eta. 

Erroitegi 11

Kanpoan daudela, sarreratik 50 metrotara dagoen zulo txiki batean sartu dira, baina metro batera bukatzen da hau ere. 

Zulotxo bat miatzen

Bueltan Ursalto kobak bisitatu dituzte, pista ondoan haustura bat dago eta barrura sartu dira. Hala ere, nahiz eta haize asko nabari den, arrokan sortu den haustura motz bat da.

Erroitegi zonaldetik Jaturabe bailarara joan dira. Bertan, beste bi zulo daude begiratzeko. Lehenengoa presaren ezkerraldean dagoen zulo bat da, baina sartzerakoan 4 metroko bidea bakarrik egin dute. Bukaeran, zuloa harearekin estalita dago. 

Jaturabeko presa ondoan begiratutako aldea

Beste haitzuloa Jaturabe 5 ondoan dagoena da. Aurretik Jabilok esandako zuloa da. Atxurrarekin pasabide pare bat ireki ondoren 10 metro aurrera egin dute, baina bukaeran beste pasabide estu batekin topo egiten dute. Gaurkoz nahiko pasabide estu eta haustura eduki dituzte eta hurrengo baterako utzi dute. Metro batzuk jarraitzen duen arren ez da haizerik somatzen.

Iruzkinak