LEHENENGO BI NEURGAILUAK ARANTZAZU ERREKA 1-EN
2019-12-07, Larunbata.
Astebururako
eguraldi ona iragarrita zegoela aprobetxatuz, Arantzazu erreka 1 kobara bisita egitea
erabaki dugu oraingoan. Bertan, ikerketarako beharrezkoak izango
ditugun bi neurgailu jartzekoa asmoarekin.
Instalazio berria egiten |
9tan gelditu gara
lokalean ohikoa dugun moduan. Gaur bi bakarrik joango garenez , koban argazki
batzuk ateratzeko aukera baztertu dugu segidan. Ez kamara, tripode, flash eta
abarrekin behintzat. Kamara txikiarekin moldatuko gara. Hala ere, 3-4 petate
eraman beharko ditugu soka, taladro, tutu, zerra,… eraman ahal
izateko. Trastoak dexente!!
Eskolatxon ogia eta
“kruasanak” erosita (hau ere ohiko bihurtzen hasia), Arantzazurantz abiatu
gara. Gu gorarte!Goiko aparkamendurarte! Mendizale askoren begirada zorrotzak
lasaitu dira petateak kotxetik ateratzen ikusi gaituztenean… konturatuko ziren,
agian, ez dela alferkeria kontua.
Koban sartzeko 8
metrotako salto bat hasteko, 10-ko bat gero eta 6-ko bat. Meandro bat, 2 bat
metrotako destrepe batekin eta apur bat aurrerago 8, 3 eta 3 metrotako putzu
jarraiak. Azken hauetan izan dugu arazorik handiena. Instalazioa aldatu behar
izan bait dugu gehiegi ez bustitzeko.Azkenik heldu gara Gela nagusira. Hemen
kokatu nahi ditugu neurgailuak.
Begirada bat eman
ondoren bi toki aukeratu ditugu estazioak jartzeko. Lehenengoa emari egonkorra
duen toki batean. Bigarrena kobako galeria baxuenean, -100 metroko sakoneran,
puntualki sifonatu egiten den puntu batean. Hori uste dugu behintzat. Datuek
esango digute.
Neurgailuak prestatzen |
Behin tokia aukeratuta, lanari ekin diogu. Lokaletik irten baino
lehenago neurgailuak programatu ditugu. Arratsaldeko 5etan datuak hartzen
hasiko dira eta ordurako bere tokian jarrita izatea komeni zaigu. Teorian, behin
martxan jarrita 2 urtetako datuak gordetzeko gaitasuna izango dute.
Neurgailuak, Made in USA. Bere tokian
finkatzeko, eta babes gehigarri bat emateko, PVC-Ko tututan sartzea pentsatu
dugu, hauek Made in AMET.
Gaur egindakoarekin
konforme gelditu gara. Baditugu lehenengo bi neurgailuak!
Hemendik hilabete
batzuetara bueltatuko gara datuak jasotzera.
Neurgailua kokatuta |
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina