GESALTZARA GINDOAZEN, BAINA LARREAN ETZANDA BUKATU GENUEN
Domekarako eguraldi polita emanda zegoen, baina ez zen gure asmoa
kanpokaldetik ibiltzea. Lizartzako koban egin dugun azken lanarekin
ikusi dugu kobazuloa poliki poliki Gesaltzako inguruetara hurbiltzen
doala, eta beraz atzokorako, Gesaltzako txoko batzuk errepasatzea zen
gure asmoa. Bada Gesaltzara jeisten hari ginela, bertako baserriko
Eliasekin gurutzatu ginen, eta honek – lehenago ere esana zigun –
bere zelaietan hainbat zulo agertu zitzaizkiola eta tapatu behar izan
zituztela abereak bertara ez erortzeko edo hanka ez puskatzeko.
Begirada bat botatzea pendiente genuen lehenagotik ere eta, zalantza
pittin bat egin eta gero petateak baserrian utzi eta Eliasekin joan
ginen zuloak ikustera. Erakutsi zigun lehena ez zegoen zelaian,
harkaitzean baizik, eta ez zuten tapatua, animaliak ez sartzeko
itxitura bat eginda bakarrik. Ikusi bezain pronto adurra dariola hasi
ginen, zelako itxura ona! 7 metroko putzu garbi bat ikusten zen, eta
behean jarraitzeko aukerak! Korrika joan ginen petateen bila
baserrira, Gesaltzako koba alde batera utziz.
Jeitsi genuen zuloak
guztira 30 m ditu. 7 m-ko putzua jaitsi eta gero harri blokez
osaturiko kolubioi batetatik jaitsi ginen 20 m inguru, eta aurrerago
ezin izan genuen jarraitu. Haizea harri blokeen artetik kanpora
ateratzen zen, ez oso nabarben. Polea bat inprobisatuz harri bloke
batzuk kendu genituen, azpian bideren bat ikusteko esperantzarekin,
baina batzuk kendu eta gero arriskutsua zen jarraitzea, eta bertan
behera utzi genuen. Betiko lez, kobaren topografia egin genuen eta
AMETeko katalogoan sartu.
Bukatu genuenerako eguerdia zen, eta Gesaltzara joan hala ez
zalantzan geratu ginen. Azkenean, kanpoan zegoen giro ederrak
xamurtuta bertan bazkaltzea erabaki genuen, eta ondoren zelaian
tapatuta dauden zuloei begirada bat botatzea, Gesaltza kobako plana
beste egun baterako utziz. Bada joan ginen zelaira, Eliasek esandako
tokira, eta zuloa tapatzen hari zen harria kendu genuen. Ez genuen ia
esperantzarik – harri bakarra, ez oso handia, larre erdian sartuta
– ez zen kobazulo bat azaltzeko egoerarik hoberena, edo hori uste
genuen, zeren eta harria kendu eta... danba! 16 metroko putzu bat
jaisteko moduan! Egunean bigarren aldiz sentitu genuen aurkikuntza
batek sortzen duen barne zirrara, bigarren esplorazio aukera bat! ...
eta, Lizartzarekin lotzerik badugu?
Larrean botata
geratu ginen, momentuaz disfrutatzen, eta aldi berean, kobazulora
sartzeko genituen gogoak eusten. Izan ere, barrura sartu ahal izateko
sarrera handitu behar da, eta baserriko zelaia abeltzantzarako
izanik, ezin genuen bertan zulo bat zabalik utzi, aldez aurretik
animaliak ez sartzeko itxitura bat egin beharko da.
Kotxera bidean
Eliasekin egin genuen topo berriz, eta gure egunaren berri eman genion irribartsu. Zuloa zabaltzeko ez zigun eragozpenik ipini, baina
aurretiko itxitura beharrezkoa da berarentzat ere. Orain ondo
pentsatu beharko dugu nola egin, inori kalterik eragin gabe
espeleologia osasuntsu batetaz gozatzeko.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina