ZAPATEI KOBA GARBITUTA

Aste bukaera hontan AMET taldeko 8 taldekide Zapatei koba garbitu duen taldeko partaide eta koordinatzaile izan gara. Bertan AMETekin batera, Euskal Espeleologia Elkargoak (EEE) eta  Besaide Mendizale Elkarteak Zapatei kobaren garbiketan ihardun dute. Koba hau Arrasateko Meatzerreka auzoan dago.

Garbiketan parte hartu duten pertsonak. Argazkia UEV-EEE

Garbiketa hau Arrasateko Udaleko Ingurumen Sailaren laguntza ekonomiko eta logistikoarekin  egin da.

Besaide Mendizale Elkartea, haitzuloa garbitzeko modu baten bila, Arrasateko Udalarekin harremanetan jarri zen. Hondakinak ateratzeko modua aurkitu ez zuenez, Besaide, AMETekin jarri zen hartu-emanetan, eta hau EEErekin. EEEtik Karstaren Babeserako Batzordea abian jarri zen, hartara, haitzulo hori garbitzeko prozedurarik egokiena aurkitzeko.

Garbiketa hasi baino lehenagoko azalpenak taldeari ematen. Argazkia UEV-EEE

Egindako lanarekin funtsezko elementuak eta interes komunitarioko habitatak “8310-Turismoak ustiatzen ez dituen haitzuloak” berreskuratzen dira, beraz, ez zegoen biodibertsitatean kalterik eragiteko arriskurik; aitzitik, jarduera onuragarria izango zen.

Garbiketan, AMET taldeaz gain, EEEko boluntarioen beste talde batzuek ere parte hartu dute; Matiena Espeleologi Taldea (GEMA), TAKOMANO, Aizpitarte  Elkartea, Grupo de Actividades Espeleológicas de Bilbao (GAES), Burumendi Espeleologi Taldea eta Felix Ugarte Elkartea (FUE). Guztira 62 boluntariok parte hartu dute. Horietatik  24 espeleologo eta 38 Besaide Mendizale Elkartekoak izan dira.  Boluntarioen artean 16 emakumek eta 46 gizonek hartu dute parte.

Garbiketan egindako bideo batzuk:


Boluntarioak 6 taldetan bereizi dira, 5 talde kobaren barruan eta 1 kanpoan. Barruko bost taldeetatik lau taldetan espeleologoak eta Besaideko boluntarioak elkarrekin aritu dira. Beste taldean, malda batean kokatua zegoenez, bere arriskuagatik , hiru espeleologok osatu dute taldea.  Kanpoko taldeak sailkatu ditu hondakinak haitzuloaren kanpoaldean zeuden edukiontzi eta big-bag zakuetan. 

Batutako hondakinen artean denetarik aurkitu dugu: beirazko botilak, plastikoak, latak, burdin zatiak, gurdi zahar baten gurpila (oso egoera txarrean), bidoiak, plastikozko baldeak, mangerak, pilak, bateriak, panpinen gurdiak, gailu elektronikoa. Koba barruan adreiluzko horma batzuk ere kendu dira. Horma horiek 90eko hamarkadan erabili ziren haitzuloko galeria bat ixteko, bertan txanpiñoiak hazten zirelako. (Etxebarri baserriak emandako informazioa). 

Koba kanpoko instalazioa eta zaborren sailkapena. Argazkia UEV-EEE

Garbiketako partaideak bazkal orduan. Argazkia UEV-EEE

Guztira 5.600 kg hondakin atera dugu, hasiera batean aurreikusitakoa baino gehiago.

Ondo antolaturiko talde lanak posible egin du lan guztia egun berean amaitzea. Goizeko 9:00etan ekin diogu lanari, eta arratsaldeko 18:00etan bukatu. Denok espero genuen momentua ere ez zen falta izan: ogitarteko gozo batzuk.

Garbiketa ondorengo argazkia. Sarrera handia. Argazkia UEV-EEE

Astelehenean bertan, Debagoieneko mankomunitatearen laguntzarekin, puntu garbia desinstalatu egin dute, eta edukiontziak zabortegira eraman.

Eskerrak eman nahi dizkiegu Arrasateko Udalari eta EEEko eta Besaide Mendizale Elkarteko boluntarioei. Era berean, gure eskerrik beroena lursailaren jabeei, garbiketa egiteko aukera ematearren.

Egun horretako argazki eta bideo gehiago. Informazioa: UEV-EEE

Garbiketa aurretik eta ondoren ateratako argazkia:

Sarrera nagusiaren gela. Argazkia AMET eta UEV-EEE

2.sarrera. Argazkia AMET eta UEV-EEE

3. sarrera. Argazkia AMET eta UEV-EEE

6. sarrera. Argazkia AMET eta UEV-EEE

Koba barruan zegoen adreiluzko horma. Argazkia AMET eta UEV-EEE

Iruzkinak