Elena galeriak bere edertasunaren alde bat erakutsi digu

Betiko moduan 9:00etan lokalean geratu gara. Dena prestatu eta Arrikrutzera abiatu gara. Sandailiko “aparkalekua” kotxe barik aurkitu dugu. Abantailaren bat izan behar du pandemia honek! 11:30rako Elena Galeriara igotzeko behar den soka parean geunden. Bat sokan zegoen bitartean besteak babesean egon gara, saltoaren goialdean dauden harriek hutsa behar baitute erortzeko.

Hirurak gora iritsi eta aurkitu berri dugun galeriaren ederrean aurrera egin dugu, salto batekin topo egin arte. Salto hau baino lehen galeriaren ezkerraldean saltotxo bat dago, dirudienez aurreko esplorazioan salto txiki hau jaitsi zuten eta igotzeko komedia batzuk egin behar izan zituzten. Komeni da saltotxo honetan soka bat ipintzea. 10 mko soka batekin nahikoa da. Helduleku naturala badago, beraz spit batekin nahikoa izan beharko luke. 

Beheko gelaren zati bat


Baina saltotxo hau ez zen gure helburua, galeriaren bukaeran dagoena baizik. Salto honen hasieran gora begiratuz gero, bi tximinia ikusten dira. Paraleloak dira, eskuinekoa kolada estalagmitikoaz ixten dela ematen du. Ezkerrekoak berriz gora jotzen du, ez da oso bertikala, baina hortik gora joateko gutxienez 40 mko soka eta parabolt ugari behar dira, ematen du goian galeria etzan egiten dela.

Saltoaren sarreran hiru spitinox sartu ditugu eta beheraino iristeko beste hiru spit daude bidean. Bukaeran sorpresa ederra, sekulako gela zabaltzen da. Inoiz zapaldu gabe egon diren lekuek gordetzen duten edertasunaz gozatu dugu. Saiatu gara ahalik eta kalte gutxien egiten eta ilaran joan gara, ahal izanez gero paretaren ondoan. Hala ere, gure pausoek arrastoa utzi dute ederra bezain hauskorra den inguru honetan.

Arretaz begiratuz gero, hezurrak ikusten dira. Ez dugu ezer ukitu paleontologoen lana ez zapuzteko, argazkiak atera ditugu adituek euren iritzia emateko. Indusketa egingo balitz, seguru hezur ugari agertuko liratekeela. Noiz iritsiko ote da paleontologo bat leku ezkutu honetara!

Gela handia da (50X30?), baina bukatu egiten da, ez dugu jarraipenik ikusi. Uraren zirkulazioaren arrastoak ikusten dira eta ur hau galeria estu batetik ezkutatzen da. Lokatzez ia osorik ixten da, baina lokatz apur bat kenduta jarrai daiteke beste metro pare bat. Hala ere, itxura eskasa du, ematen du segidan guztiz ixten dela.

Nahiko lan eginda, sokan gora joan gara. Hurrengo irteerako ez da lan makala gelditzen; topografia, eskalada pare bat, saltotxo bat eta zulo txiki eta estu batzuk.  




Iruzkinak