ALOÑA MENDI ESPELEOLOGIA TALDEAK 2020AN EGINDAKO LANAK

Aurtengo ia lan guztiak lehendik ezagutzen genituen kobetan eman dira. Kobazulo berriak aurkitu ditugu, baina txikiak eta, momentuz, interes handirik gabekoak (Arriurdin 02; Otsaarria 6, 7; Jaturabe 13, Pagadui 02, Elizbidea 01 eta Elizbidea 02)

Ezagunak ziren kobak berriz ikusteko arrazoiak desberdinak izan dira. Asko eta asko katalogatuta egon arren, haien topografia egin barik zegoen. Horregatik, koba horietan guztietan egin den lan bakarra, eta ez makala, topografia egitea izan da. Nahiz eta garapen handiko kobak ez izan, denen topografia egitea lan handia izan da. Koba hauen topografiak egin ditugu: Akaitz 02, Uribe 4, 18,19, 21, 34 eta 36; Andarto 4, 8,9 eta 10; Potorrosin 2, 4, 9, 10; Oltza 16, Perusaroiko koba 03, Urbiako kobea, Alabita 7 eta 8; Fraidebaso 03, Erroitegi 09, Santu Koba, Ugastegi 03, 08 eta 09.


Beste koba batzuk bakarrik katalogazio txapak jartzeko bisitatu ditugu: Tutankamen, Zearkoba 03, 04, 05, 06 eta Kobagorri. Koba hauei txapak jarrita amaiera eman diogu lan honi.

Topografiatu ditugun koben artean, Iritegi Sistemak (Iritegi, Aixen koba, Dordoka) aparteko aipamena merezi du. Urteetako proiektua izan da eta aurten bukatu dugu. Kobaren 3D topografia egiteaz aparte, galeria berriak aurkitu eta topografiatu ditugu, batez ere beheko mailan, alde aktiboan. Alde honen ezagutzak informazio asko eman digu koba honetako uraren zirkulazioa ulertzeko. Gaur egun, sistema honen luzera 3.191 mkoa da.


Lizartza 1era irteera bakarra egin dugu. Eskalada bat egitera joan ginen. Eskalada ondoren urak hartutako pasabide batek ez zigun aurrera egiten utzi. Egun horretan botatako euriarengatik ordu batzuk blokeatuta egon ginen beheko bibakean. Horren ondorioz, irtetzeko ordua asko atzeratu zen, kanpoan gure zain zeudenak larritzeko adina. Zorionez, sustoa besterik ez zen izan.

Urzulora ere itzuli gara, baina oraingoan Burnia eta Gema Espeleologia taldetako lagunak sartu dira aldapan gora jarri zaigun kobazulo honetan. Esplorazioa gelditu zen lekuraino joan eta zenbait galeria esploratu zituzten. Inguru horretan koba bukatutzat jo zuten, 640m topografiatu ondoren.

Ezagunak diren kobetan berriz sartzeko ohiko arrazoia galeriaren baten harriak edo sedimentuak kentzea izaten da, hori kenduta aurrera egingo dugun itxaropenarekin. Asmo horrekin itzuli ginen Otsaarria 05era, Txomen Koba Behekora, Andarto Barreneko koba 1era, Arantzazu Erreka 1era eta Kataberako Beheko Meategia


Lehenengo hiruretan galeria ixten zuen tapoia kendu genuen, baina aurreratutakoa ez zen asko izan. Meategiaren kasua desberdina zen, estalita zegoena sarrera zen. Bi egunetako lanaren ondoren, minaren sarrera azaleratu zen. Meatze honek Aizkorri mendizerra alderik alde zeharkatzen du, Urzulo kobazuloa perpendikularki zeharkatzen du, bide paregabea Urzuloko bukaerako galerietara joateko modu labur eta errazean. Horregatik poztu ginen hainbeste meategiren sarrera zabaldu genuenean. Pozak, askotan legez, gutxi iraun zuen, meatzearen sarreratik 60 metrotara galeria behera etorri da, kolapsatuta dago eta ezin da aurrera egin. Beste bi egunetako lana Arantzazu Erreka 1ko beheko galerian egindakoa izan zen. Hemen ere, bi egun aritu ginen behe-beheko galerian pilatutako errekarriak eta harea kentzen. Bi egun hauek ez ziren antzuak izan ordea. Galeriaren estugunea zeharkatu eta gero galeria eta gela berriak aurkitu ditugu.

Urtea bukatzeko ezustekoa, horrelakorik gutxien espero genuen koban izan da, Arrikrutzen. Arantzazu Galeriaren errebisio lanetan eskalada bat egin dugu, galeria baten sarrera antzematen baitzen. Antzemandakoa agertu da, oraingoz 200 metroko galeria berria, Elena Galeria deitu diogu. Ditxosozko Covid honek uzten digunean esploratuko dugu.


Honetaz gain, Euskal Espeleologoen Elkartearekin (EEE/UEV) hainbat hartu-eman izan ditugu. Batetik Eusko Jaurlaritzako Ingurumen saileko diru laguntza bati ezker, Arantzazu bailarako lurrazpiko ibaien funtzionamendua ezagutzeko ikerketa hasi dugu, eta lehen emaitzak Karaitza aldizkariaren 27. alean argitaratu ditugu. Bestetik, beste dirulaguntza baten bidez, Arraskondoko leizearen garbiketa egin dugu, EEEko taldeen arteko koba garbiketa izan da. Bazegoen zer garbitu, 2 tona ta erdi hondakin atera genuen zulotik.


Bukatzeko, Larrako 2020ko espeleologia ikerketa kanpainan parte hartu dugu hainbat kidek, koba barruko zein kanpoko esplorazioan ibiliz. Azkenik, EEE/UEV-en hainbat sailetako zuzendaritzetan partaide izan gara, hala nola Karst-aren komisioan, Karaitza aldizkariaren komisioan, eta Gipuzkoako bokal gisa

Iruzkinak