IRITEGI SISTEMAKO TOPOGRAFIA BERRITZEA

Asteburu honetan Iritegi Sistemako topografia berria bukatu dugu. Iritegiko sistema hiru kobazulok osatzen dute, Iritegiko koba, Aixen koba eta Dordoka koba. Bere luzera berria 3.000 metrotara iristen da eta galeria fosil eta aktiboz osatuta dago. 

Hiru kobazulo hauek ongi asko ezagutzen zuten Arantzazuko seminarioko ikasleek "http://actualid-ades.blogspot.com/2019/08/la-tortuga-iritegi-lurpeko-trabesia.html"

Iritegiko azken topografia Aloña Mendi Espeleologia Taldeak, 1971. urtean egin zuen. Esplorazioa, 1970. urtean egin zen eta bertan Jesus Echeverria, Felix Ugarte, Jesus Echezarreta, Lucio Ugarte eta Pierre Rigault hartu zuten parte. Momentu horretan Iritegiko koba bakarrik topografiatu zen eta bere luzera 940 metrokoa zen. Gaur egun, galeria berriak topografiatu ditugu, gehienak ur azpian egon ohi direnak baina lehorte garaian sartu ahal izan garenak.


Aixen kobako datuak 1972. urtean bildu ziren arren ez zen topografiarik egin eta 2006. urtean, dordoka koba topografiatu ondoren, sistema osoaren irudia egitea lortu zen.

Hiru koben topografiekin, Iritegi sistemako topografia lortu genuen. Momentu horretan sistemak 2.254 metroko luzera eta -20 metroko desnibela zeukan.


Oraingoan, urte haietan topografiatu ez ziren galeriak topografiatu ditugu eta galeria berriak aurkitu. Azken irteera honetan putzu txiki batetik sartu gara. Saltoa jaisteko bi ainguraketa natural aprobetxatu eta salto hasieran spitinox bat sartu dugu. 4mko saltotxoa da. Behean ur zarata nabarmena da. Salto bukaeran 40 graduko aldapa batek errekaraino eramaten gaitu. Bi sifoi daude eta bi sifoien artean ,erdi ezkutatuta, ura mugitzen ikus daiteke, erreka. Sifoi bat oso estua da, baina bestea agian urpetik sar daiteke. Biak oso aproposak zundak edo sensoreak jartzeko. Ur handietan ur maila ia saltoaren oinarriraino igotzen da.



Gogoratu Iritegiko kobak saguzarren babespenaren ondorioz sartzeko debekua duela . Hemen Rhinolophus hipposideros, R. ferrumequinum eta Miniopterus schreibersii egon ohi dira. Sarrera debekua urritik ekainera (biak barne) izan ohi da. Irten garenean, kanpoko beroaren eraginez, Iritegiko sarreran saguzar pila bat ikusi ditugu. 

 

Iruzkinak