GESTATEI KOBA 1 TOPOGRAFIA BERRIZTUA

Badaramatzagu irteera batzuk Gestatei koba 1eko topografia berriztu nahian eta oraingoan bukatu dugu. 

Goizean goiz, Lin, Leire, Unai (GAES) eta Joseba elkartu gara Gestateiko kobako topografía eta esplorazioa bukatzeko helburuarekin. Materiala prestatu eta 4x4arekin poliki-poliki Degurixa aldera abiatu gara. 

4 pertsona garenez, bi talde egin ditugu, alde batetik Unai eta Joseba aurretik esploratzen joan dira eta atzetik Lin eta Leire topografia garatzen. 

17 metroko putzuaren azkeneko tramoa

Esplorazio taldeak, bi zeregin izan ditu, batetik eskalada txiki bat egitea eta bestetik 17 metroko putzua aurkitzea, instalatu eta beheraino joatea. Lehenik eskalada hori egitera abiatu gara, gora doan tubo txiki bat da, itxura ez da ona baina txikia denez egin behar da. Bi multimontirekin burua gora igotzeko eman digu, baina, ez dago ezer, bertan bukatzen da. Bestetik, putzua aurkitu, multimontiekin berrinstalatu, berez aurreko instalazioko spitak herdoilduta daude eta putzuaren oinarriraino abiatu gara. Putzua, ez da bertikala, eta bertan 7 bat multimonti jarri behar izan ditugu. Putzuaren oinarritik, meandro txiki eta estu bat abiatzen da eta 10 bat metro aurrerago, estutasunagatik ezin izan dugu jarraitu. Haizea nabaria da eta itxura ona dauka. 

Beste taldeko Leirek DistoX2 puntuak hartu ditu eta Linek marrazketa egin du, horrela kobazulo osoa bukatu arte. Leire mugikorrarekin Distoko datuak hartzen joan da gero etxean topodroidekin praktikak egiteko. 

17 metroko putzutik aurrera dagoen paso estu baten topografia egiten

Bi taldeak, 17 metroko putzuaren gainean elkartu gara eta topografoek behera jo dute topografiatzen, Josebarekin eta Unaik bitartean sokan praktikak egin ditu. 

Linek, meandro estuan saiakera bat egin du baina estugunean gelditu da. Hemendik aurrera jarraitzeko 5 metroko sokatxo bat behar da eta Lin baino finagoa den norbait sartzea. 

Topografia bukatu eta kanporantz abiatu gara laurok.

Gaurko taldearen argazkia





Iruzkinak