Zonalde zaharrak topografia berrian

Taldeko kide asko Oñatitik kanpo bizi direnez, pandemia dela eta ezin dira bertara etorri. Lehen taldean asko ez baginen, orain, are gutxiago. Hala ere, Oñatin bizi garenok asteburu honetan irteera egin dugu. 



Aurreko irteeran Arantzazu Galeriaren inguruan ikusitako galeriak eta gelak topografiatzeko sartu gara berriz Arrikrutzen. Inguru hauetan jendea ibili da, beraz ez dira galeria berriak, baina ez dira Arrikrutzeko topografian agertzen. Aurreko irteeran eskalada jarraitzeko utzitako sokatik hasi gara lan topografikoa. Lan astuna, baina ezinbestekoa galerien kokapena eta neurriak ezagutzeko. 200 metrotik gora topografiatu ondoren eta argazki pare bat aterata, Arantzazu galeriaren bukaeraraino joan gara, guretako batzuek alde hau ezagutzen ez zutelako. Oñati Gelaraino iritsi gara. Nabarmentzeko da gela honetara iritsi aurretik galeriaren edertasuna.


Sabela bete ondoren eta indarrak berrituta, kalerako bidea hartu dugu. Egin beharreko eskalada eta honen ondoren zabaltzen den balizko galeria berriaren esplorazioa hurrengorako utzi dugu.

Iruzkinak