BURGALAITZEN KOBA BERRIAK


2019ko Urria.

Burgalaitz mendian izan gara azken asteetan lanean. Oñatiko lagun bati esker koba berriak katalogatu, esploratu eta topografiatzeko  aukera izan dugu. Guztira hiru koba berri gehitu ditugu katalogora: Burgalaitz 7, 8 eta 9.
 Burgalaitz 7.    Hartz xolonpoa.  

Sorpresaz hartu ditugu koba berri hauek, egia esan. Burgalaitz 7 eta 9 behinik behin. 8-ak ez bezala sarrera elegantea dute, nabarmena. Ondo ikusteko modukoa. Burgalaitz 8 ez ikustea... pasa... baina beste bi hauek… Badirudi inguru hori ez dugula begiratu.

Burgalaitz 9 -ko beheko gela bat
Burgalaitz 7 horizontala da. Burgalaitz 9 bertikala eta 8 sator-zuloa. Azken honekin ez dugu denbora gehiegi galdu, katalogatu, 6 bat metrotako zulo bertikala dela egiaztatu  eta listo. Beste biak aldiz interesgarriak. Batean, hezur “misteriotsu” bat eta hartz xolonpoak diruditenak. Bi behintzat, argiak. Bestea, behera egiten duen leizea eta sarreran haize nabaria duena. Urduritasun puntu bat pizten duen horietakoa. Are gehiago soka falta dela eta salto txiki bat jaitsi gabe uzten denean.

Larunbat honetan, esplorazioarekin jarraitzeko asmoarekin bueltatu gara Burgalaitz 9ra. Zuzen aurrekoan utzi genuen tokira joan gara. 6 bat metrotako saltoa jaitsi eta bidea bilatzeari ekin diogu ehiza txakurrak bezala. Aukera guztiak baztertu ditugun arte. Hemendik ez da! Eta nondik dator haizea? Sarrera aldean meandro batek aurrera jarraitzen du… handik? Bik topografia egiten duten bitartean beste biak esplorazio eta instalazioarekin jarraituko dute. Meandroan aurrerago beste 10m-ko salto bat, beste meandro estu bat eta beste 10m-ko bigarren salto bat. Behean bidea estuegia!

Guztira 100 bat metro eta 28-ko desnibela duen leizea topografiatu dugu. Koba polita da… baina gehiago espero genuen. Askoz gehiago!

Otzaurteko Bentan emandako afari ederrarekin kendu zaizkigu penak.


Burgalaitz 9.   10 metroko saltoa.

Iruzkinak