ASKIOLA 2-RA JOAN ETA ASKIOLA 12-AN BUKATU

2019-06-30

San Adrianera bidean.

Azken urteotan ohikoa bihurtzen ari da San Adrian ingurura udako irteera. Badira 3 bat urte inguru honen katalogazio eta prospekzioari berrekin geniola. Gaur egunean desagertuta dagoen Legazpiko Lokatza espeleologia taldeak egindako lanari segida ematea nahi diogu horrela.

Askiola 2 kobaren topografia burutzea dugu helburu gaurkoan. Aldi berean begiratu gabe utzi genituen puntu pare bat ikusi nahi ditugu eta udako eguraldi beroa baliatuz koba barruan nabari den haizea nondik datorren identifikatu.

Askiola 12: Gela aurreko pasua
Goizeko 10tan Otzaurteko Bentan hitzordua egin eta San adrian azpiko aparkamendura abiatura gara kotxez, Hemendik, oinez, askiola 2ra. Askiolara 2ra iritsi baino lehen, dolina batean zulotxo bat ikusi dugu. Bertara gerturatu eta haizea barrutik datorrela ikusita, barrura sartu gara. Sarreratik hiru metrotara edo itxi egiten da, desostrukzio oso zaila dirudi, ez da jarraipen garbirik ikusten, hala era katalogatu dugu, zuloak beste ahalegintxo bat merezi du eta.

Gutako bat koba katalogatzen (Askiola 11 izenarekin) gelditu den bitartean, beste biak Askiola 2ra abiatu gara.Sartu eta segidan, lehenengo pasu estuan, haizea nabaritu dugu; indartsu eta hotz. Errebisio lanak egin ditugu eta gutxienez bi puntu ezberdinetatik haizea irtetzen dela nabaritu dugu: Harri bloke artean bata eta zulo txiki batetik bestea. Baloratu beharreko lan nekezak biak!

Bazkal ordua ate joka dugunez kanpora irtetzea erabaki dugu. Kanpoko eguzki epeletan bazkaldu eta arratsaldean topografiarekin hasteko asmoz. Ez genuen espero kanpoan beste taldekideak guretzako zeukan sorpresa! Askiola 2ren gainean, dolina handi batean (10x11m), sarrera bat aurkitu du.4 metrotako erripa jaitsi ondoren galeria horizontal bat dago eta zulo estu batetik bestaldean gela bat ikusten da. Koba berriak (Askiola 12 moduan katalogatua) duen itxura ikusita, Askiola 2ko lanak beste egun baterako uztea erabaki dugu. Harri batzuk kendu eta instalzio mailuarekin ertz batzuk "findu" ondoren gelara sartu gara. Gelak 12x8 m ditu eta hasieran jarraitu dezakeela badirudi ere, ilusioak aurrerago dagoen gela eta gatera batean desagertu dira. Esplorazioa bukatuta topografiari ekin diogu. Lanak bukatuta, berriz Askiola 2ra joan gara katalogazioa zenbakia margotzera. Hau egin eta beherako bidea hartu dugu. Beste batean bueltatuko gara Askiola 2ko "topoa" egitera.


Iruzkinak