ARANTZAZU ERREKAKO SIFOI ONDORENGO ETA AURREKO GALERIAK

Larunbatean (2022-10-29) Arantzazu erreka 1era bueltatu gara sifoian barrena eta eskalada batzuk igotzeko. Irteera honetan, 3 espeleo urpekari izan ditugu, bakoitza leku desberdinetakoa; Zape “urpekaria” eta Marta (GELL, Cantabria), Ion eta Loti “urpekaria”(BURNIA), Amaia (GEBNA), Lin, Borja, Laurent (urpekaria) eta Joseba (AMET). 

Sifoi aurretik dauden galeriak

Taldearen helburuak, batetik, sifoia pasatu eta atzean dauden galeriak topografiatzea eta esploratzea (urpekarien taldea) izan da eta bestetik sifoia baino lehenago dauden eskaladak igotzea, esploratzea, topografiatzea  eta desinstalatzea. Urpekariekin batera eta materiala eramaten laguntzeko, Marta eta Ion abiatu dira ere sifoiraino. 

Espeleo urpekarien taldea

Zape, Loti eta Laurent sifoian zehar abiatu dira, uretan 30 metroko bi zati pasatu ondoren, hortik aurrera ur gabeko galeriak hasi dira. Uretatik irten eta 100 metrotara bigarren mailako lehenengo galeria albo batean utzi dute, helburua galeria nagusia jarraitzea da. Galeria nagusi honek 5 metroko zabalera eta altuera ditu. 500 bat metro topografiatu dute. Zonalde hau eta gero, 15 metroko igerileku bat agertu da, honen aurrean 8 metroko eskalada eta azpian sifoi txiki bat. Sifoi honek itxura oso eskasa du baina goiko galeria ezin hobea da eta gainera barruranzko haize mordo bat nabari da. Eskalada hau aurkitutako galeriaren punta dela esan dezakegu, aurrera jarraitzeko, eskaladako materiala beharko dugu. 

Sifoia pasa eta geroko galeria nagusiaren punta

Bueltan, bidean haizearekin utzitako alboko beste galeria batera sartu dira, erreka harriz betetako beste erreka bat da. Errekan gora beste 300 bat metro egin dute. Bukaeran, izugarrizko haizea duen pasabide bat igaro eta galeria handi batera iritsi dira (20 x 20 metro). Galeria honen barrenean, goialdean beste 8 metroko eskalada bat agertu da, behealdean, aldiz, errekaren galeriak jarraitzen du, 2 metroko zabalera eta 6 metroko altuera duena. Aurrera, 250 bat metro egin dute, baina denboragatik, nahiz eta galeriak jarraitu, buelta eman behar izan dute. 


Eskalada taldea

Eskalada taldea bitan banatu da, batetik Marta eta Ion, busti behar diren zonaldeko eskaladak egin dituzte eta Amaia, Lin, Borja eta Josebak ur gabe doan errekako eskaladak esploratu dituzte.

Amaia eta Josebak eskalada bat egin duten bitartean Borjak eta Linek galeria nagusiko argazkiak atera dituzte. Eskalada hau, aurreko urtean hasitako bat da, 15 metro igota zeuden eta beste 15 metro igo dira ezkerreko aldetik, aurretik, eskuineko aldea probatu dute baina ez da jarraipenik ikusi. Arrapala gogor batean egin duten eskalada bat izan da, goialdean, blokez osatutako tapoi batek eragotzi die jarraipena. Eskalada topografiatu eta desinstalatu ondoren, materiala Borja eta Lineri pasatu eta eskalada txiki batean saiatu dira, baina, honek ere, ez du jarraipenik izan. Lau eskalatzaileak, aurreko astean ikusitako beste eskalada batera abiatu dira. Eskalada hau labaingarria eta buztinez beteta dago. Hasiera batean ondo joan da baina 12 bat metrotara, pasabide estu batean, indarrak bukatu eta beste eskalatzaile bat igo behar izan da. Bigarren hau pasabidea igaro eta gela txiki batera iritsi da, bertan, soka gabe gelditu da. Bueltatzeko ideia batekin, soka finko utzi du. Gela honetatik aurrera beste 4-5 metroko eskalada gelditzen da eta ondoren 10 metroko beste malda bat, guztira 15-20 metroko soka beharko da. 

Marta eta Ionek beste bi eskalada egin dituzte. Lehenengoa, aurreko astean Ionek hasi zuena izan da, hala ere, ezin izan dute gehiago jarraitu eta galeria leku estu batean utzi dute. Bigarrena,  aurreko urtean hasi zen beste eskalada bat izan da. Hau beste hainbat metrotan jarraitu dute hodi txikiago batean sartu arte. Hodi hori galeria eroso bat da, gora jarraitzen du baina denboragatik utzi behar izan dute, itxura ona eta jarraipena dauka. 

Bi taldeen artean 997 metro esploratu eta topografiatu dira eta 5 eskalada egin, bi hurrengo irteerarako geldituko dira. 

Iadanik, azaroan gaude eta laster euriak hasiko dira, beraz posible da hurrengo irteera hurrengo urtean izatea. Ze pena, leizeak notizia onak ematen jarraitzen du. 

Bueltan, pasabide estuan, 8 pertsona igaro eta gero, zuloa hareez gehiago estali da (espeleologoek harea malda goitik behera eraman dute irtetean) eta azkenak ezin izan du irten. Pazientziaz, harea pasabidearen aldeetara bota eta poliki-poliki irten da. 

Eskerrik asko! Lan-talde guztiari.


Irteera honetako lan-taldea






Iruzkinak