ELENA GALERIAK EZ DU GEHIAGO EMATEN
Borja eta Joseba lokalean, goizeko 9etan, elkartu gara. Gaurko helburua “Elena galeria” zonaldean gelditzen diren eskaladak egitea da. Eskaladak ez badute jarraitzen zonalde horretan dagoen material guztia aterako dugu.
Arriolabengoa galeria |
Galeria berrian egindako eskalada bat |
Bigarren eskalada edo igoera 5 metrokoa da. Aurrekoan, leiho txiki bat ikusi genuen puntan eta gaur bertara iritsi eta ea zabaltzen den ikusi nahi dugu. Ia goraino soka gabe iritsi daiteke. Azkenengo pausoan, estalagmita bati lotu ondoren, leihoaren atzealdea estutu egiten dela ikusi dugu.
Hirugarren eskalada, Arriolabengoa galeriaren bukaeran kokatua dago. Aurretik, 10 eta 40 metro duten putzuetako sokak desinstalatu ditugu. Material hau, Arriolabengoa galeriara pasatzeko muntatu behar dugun eskubanda eta putzua instalatzeko erabiliko dugu. Eskalada duen gelara, tutu freatiko formako galeria horizontal batek eraman gaitu. Eskalada honek lokatz asko du eta irrist egiten du. Lau multimonti sartu eta leku lau batera iritsi gara, baina beste hiru metro igo behar dira galeriak jarraitzen duen ikusteko. Hiru metroak igotzeko zulo natural batez lagundu gara. Baina, aurreko bi esplorazio edo eskaladen antzera, 10 metroko eskalada hau ere, bertan behera gelditu da, ez du jarraitzen.
Arriolabengoa galeriaren bukaeran egindako eskalada |
Horrelakoak izaten dira gehienetan esplorazio egunak, jadanik gaueko 20:00ak dira eta zerbait jan ondoren eta bakoitza bi petatez kargatuta kanporantz abiatu gara.
Honekin Elena galeria deritzon zonaldea bukatutzat eman dugu. Gesaltza-Arrikrutz sistemara bueltatuz gero beste zonalde batzuk errebisatzeko izango da. Hala ere, Elena galeria aurkitzeko eskalatu genuen 20 metroko putzuaren soka instalatua gelditu da, aurrerago, norbaitek, paseotxo bat eman nahi badu.
Elena galeria deitu diogun zonalde honi 1.748 metroko garapena eta 64 metroko desnibela atera diogu. Azkenengo hilabete hauetan 248 metroko garapena gehitu diogu. Gesaltza-Arrikrutz sistema 15.748 metroko garapenarekin utzi dugu.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina